Bloga Guztira: 69
  2017koMartxoak 16

Oreka oinarri

'Hiru Petalodun Lorea' izeneko lorategi japoniarra, Donostiako Aiete auzoan

Lorategi honek 'Hiru Petalodun Lorea' du izena. Haren jabea ezagutu genuen egunean, Donostiako Aiete auzoan ari ginen lanean. Negua zen, euria barra-barra ari zuen eta egun osoa generaman etenik gabe lanean, bertako zortzi txaleten lorategiak garaiz entregatzeko.

Gogoan dugu nola iritsi ginen berandu hitzordura, nahiz eta ondoko txalet batean egon metro gutxitara. Lanaldi ia osoa lokatzetan sarturik eta haize bolada indartsuak jasaten pasa genuen, eta ordurako hezurrak blai genituen. Dena den, pozik joan ginen bezero berria ezagutzera, horrelako proiektuak esku artean izatea luxua baita: lorategien diseinuak, ureztatze automatikoak, zuhaiztien landaketak edota apaingarri gisa ipintzeko egiturak sortzea (Corten altzairuzko tiraderak, egurrezko zintarriak, etab.)

Neka-neka eginda eta erabat bustita iritsi ginen bezeroarengana, eta zertxobait berandu, baina buruan proposamen ugarirekin. Hasieratik ondo moldatu ginen, txantxetan hasi zitzaigun denboraleak gure itxuran eragindako hondamendian erreparatuz, eta par batzuk bota genituen.

Emaitza ikusgarri izan zen! Berez, lorategiak ipar-orientazioa du eta hezea da; hala ere, oreka lortu genuen hainbat material elkartuz, besteak beste: haritzondotik ateratako egurra, tratatu gabeko Corten altzairua, harri-koskor biribila eta egurrezko azala (ez pinukoa). Horren guztiaren babesean, ipini genituen oinarri berdea eta intimitatea sortzen duen Cupressus Leylandiia; protagonista rola hartu zuen Acer Palmatum Atropurpureuma; eta, azkenik, Viburnum Plicatum Mariesiia, sarreran kokatua,bisitariak erakartzeko.

Lanari buruzko informazio gehiago gure web orriko lanak atalean.



Bilatzailea

Etiketak
Bilatu

Artxibategia

2018
2017

Cookie-ak erabiltzen ditugu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraituz gero, berauen erabilera onartzen duzu. Informazio gehiago